sábado, 22 de noviembre de 2008

Creative Commons: herriaren apustua

Seguruenik hau irakurtzen duzuen guztiek noizbait entzunda izango duzue 'Creative Commons' edo 'CopyLeft' kontua. Hala ere, zenbatek jakingo duzue zehatz mehatz zer den Creative Commons?

Creative Commons, 2001. urtean Estatu Batuetan sortutako irabazi asmorik gabeko erakundea da. Legegintzaren eraldaketaz eta teknologia berrietaz baliatuz, gaur egungo legeak kulturari eta sormenari ezartzen dizkion oztopoak gainditzea da honen helburu nagusia. Horretarako, gaur egungo legetara moldatutako lizentzia-sistema bat garatu dute.

Creative Commons International proiektuari esker, jatorrizko lizentzia-sistema herri ezberdinetako legeria (estatu espainiarreko Creative Commons) eta hizkuntzetara (euskarazko Creative Commons) moldatu da; gaur egun, proiektua 28 estatu ezberdinetan martxan jarri da, guztira 70 herrietan martxan jartzeko asmoa azaldu bada ere.

Creative Commons edo CC lizentzia ezberdinak honako ezaugarri hauen konbinaketan oinarritzen dira:

·Aitortu (Attribution): Edukien iturriak aipatzera derrigortzen du.

·EzKomertziala (NonCommercial): Edukiekin irabazi ekonomikorik ez lortzea derrigortzen du.

·LanEratorririkGabe (NoDerivativeWorks edo NoDerivs): Edukiak elkarbanatzen uzten ditu baina inongo aldaketarik egin gabe.

·PartekatuBerdin (ShareAlike): Edukien jatorrizko lizentzia berdinarekin erabiltzea derrigortzen du.


Askoz errazago ulertuko duzue dena filmetxo hau ikusita: Zer da 'Creative Commons'? (gaztelaniaz)


KULTURA ASKEAREN ALDEKO APUSTUA EUSKAL HERRIAN

Euskal Herrian tradizionalki kultura aske eta parte-hartzailearen aldeko apustua egin ohi da. Urteetan zehar Gaztetxeen eta Irrati Libreen hedapena bizi izan dugu, eta teknologia berriak iritsi bezain laster martxan jarritako ekimen askeetatik kanpo ez zen geratuko gure herria.

Gure herrian martxan jarritako lehen proiektua, nola ez, Internet-en bidetik etorri zen, 'Sarea Iraultzen!' lelopean Mundurat proiektua sortu zenean. Proiektu honen bidez, martxan jartzen diren proiektu aske guztiei (herri mugimendua, musika, kultura...) webgune bat sortzeko tresnak eta ostatua eskaintzen dizkie. Dena CC-lizentziapean. Proiektu honek, 'software librea'-ren aldeko mugimenduak bultzaturiko Euskal Herria 2.0. ekimenarekin erlazio estua dauka.

Denbora pasa ahala, 2003. urtean sorturiko Gazte Informazio Agentziak ere bere webgunean argitaratzen zituen edukin guztiak Creative Commons lizentziapean erabiltzea erabaki zuen.

Euskal gazte mugimendua berriro ere motore izanik, 2005ean jaiotako MusikHerria herri disketxeak, baita bertan parte hartzen duten musika talde guztiek Creative Commons lizentzia askeen bitartez lan egitea erabaki zuten. Honen eredua, Oliba Gorriak taldearen webgunea izan liteke, bertan aurki ditzakezu euren abesti guztiak. Amaitzeko, aipagarria da MusikHerriak YouTube-n sortu duen kanala, beste batzuen artean, eransten dudan Kloratita taldearen bideoklipa aurkitu dezakegula:

No hay comentarios: